Ohiko galderak

Noiz izango dute Abaltzisketako eta Amezketako biztanleek gidaririk gabeko garraio publikoko zerbitzua?


Inguru horretako biztanleek proba-egunetan probatu ahal izango dute prototipoa; 2025eko martxotik abuztura bitartean egingo dira.

Ondoren, aurreikusita dago berriro egingo direla probak, oraindik zehaztu gabe dagoen fabrikatzaile baten ibilgailu batekin, eta herritarrek hura erabiltzeko aukera izango dute. 2026aren erdialdetik aurrera izango da hori.

2027tik aurrera beste proba batzuk egitea aurreikusi da, eta haietan inguruko biztanleei ere emango litzaieke ibilgailua erabiltzeko aukera. Lagungarria izango da 2030erako landa-mugikortasuneko ibilgailu bat garatzeko.

Noizko espero daiteke orain probatuko den zerbitzu honek funtzionatzea?


LandaGO proiektua lehen mailako garapen teknologikoa da eta erronka handiak dakartza berekin. Proba asko egin beharko dira baliozkotu dadin, eta proba horietan laguntzeko eta behin betiko ibilgailu autonomoa garatzeko interesa duten auto-fabrikatzaileek parte hartu beharko dute. Une honetan atariko fasean dago LandaGO proiektua eta hasierako datuak biltzea da helburua, hots, etorkizunean gure landa-ingurunera egokitutako ibilgailu autonomo bat garatzeko baliagarriak izan litezkeenak. Ondo bidean, behin betiko ibilgailua ez da 2030a baino lehen prest egongo.

Ibilgailu gidarigabea denez, autobus-gidari lanpostuak kentzea ekarriko du LandaGO proiektuak?


Ez, gaur egun ibilbide horiek ez dutelako zerbitzurik; hortaz, ez da lehendik dagoen zerbitzurik ordezkatuko. Garrantzitsua da mugikortasun autonomoko teknologiaren alde egitea, oso interesgarria delako bidaiari gutxiko ibilbide horiek gidaririk gabe egitea: bestela, ez dira ekonomikoki bideragarriak.

Probatzen dutenentzat segurua al da ibilgailu autonomoa?


Proiektu honetan funtsezkoa da segurtasuna. Ibilgailu autonomoak sentsore aurreratuak eta telemetria ditu, oztopoak denbora errealean detektatzeko eta jarduera segurua bermatzeko. Segurtasun-arauak eta urruneko kontrolerako, larrialdiko laguntzarako eta operadoreak gaitzeko protokoloak betetzen direla begiratuko da; hala, edozein ezustekori eraginkortasunez erantzuten zaiola ziurtatuko da.

Zer aseguru mota du ibilgailu autonomoak? Asegururik eduki behar du?


Prototipoa aseguratuta egongo da, beste edozein ibilgailu bezala, edozein gertakariren erantzukizuna hartu ahal izateko.

Beste ibilgailu edo pertsonentzat segurua al da ibilgailu autonomoa?


Bai, segurtasuna lehentasunezkoa da proiektuan. Hasiera batean, segurtasuneko gidari batek gainbegiratuko du eta urruneko kontrol-zentro batera konektatuta egongo da. Kontrol-zentroak autoa gidatu ahal izango du, eta gorabeherarik bada, edozein dela ere, irtenbidea eman.

Nolakoa da ibilgailua?


Probetan erabiliko den ibilgailua, hasiera batean, etorkizunean izango denaren prototipoa izango da. Ibilbidea modu autonomoan egiteko beharrezkoa den teknologiaz hornituta egongo da autoa. Gainera, Vicomtech enpresako irudiaren errotulua izango du. Aurreikuspenen arabera, 2026. urtearen erdialdetik aurrera probetarako erabiliko den ibilgailu autonomoa edukiera handiagoko fabrikatzaile batena izango da segur aski, furgoneta edo mikrobus motakoa. Fabrikatzailea zehazteke dago.

Ibilgailuaren probek errepide-mozketarik edo ibilbidean eragozpenik ekarriko al dute?


Bide-tartea ibilgailu autonomoa gidatzeko beharretara egokitu beharko da. Adibidez, baliteke aldi baterako semaforo bat jarri behar izatea. Nolanahi ere, uste dugu eragozpenak gutxienekoak izango direla, eta aldez aurretik jakinaraziko dira, tartean diren herrietako udalen bitartez.

Zergatik aurreikusten da ibilgailu gidarigabea landa-inguruneetarako?


Horrela eman ahal zaielako landa-inguruneei zerbitzu malgua (eskariaren araberakoa), jarraitua eta ekonomikoki bideragarria. Gainera, etorkizuneko garraioa da, merkea eta jasangarria baita: ibilgailua elektrikoa izango denez, askoz gehiago errespetatzen du ingurumena. Funtsezkoa da, beraz, Gipuzkoak teknologia horren alde egitea, etorkizuna baita, argi eta garbi. Gainera, etorkizunean kamioi-gidari eta garraio publikoko gidari gutxi egongo direla uste da —gaur egun jada nabaritzen da hori—.

Noiz probatu ahal izango dute ibilgailua landa-eremu horietako biztanleek?


Herritar batzuei autoa probatzeko gonbita egingo zaie, Abaltzisketa eta Amezketa arteko ibilbidean. Oraindik ez dakigu data zehatzak zein izango diren, baina 2025eko martxo-apiriletik aurrera izango da. Prototipo bat izango da; ez da izango etorkizunean zerbitzua emango duen ibilgailu mota. Zerain eta Segura arteko bidean ez dago aurreikusita komunitateak ibilgailua probatzea, ikerlana atariko fase batean geratuko baita, datuak biltzeko izango da soilik.

Zergatik ezin izango da Zerain eta Segura arteko bidean ibilgailua probatu?


Zerain eta Segura arteko bidean datuak lortzea da helburua, eta, beraz, lehen fase honetan ezin izango da ibilgailua probatu.

Etorkizunean Gipuzkoako landa-ingurune guztietan ezarriko da zerbitzu mota hori?


LandaGO proiektua horrela bideratu da, orain probetan lortutako datuak etorkizunean aplikagarriak eta baliagarriak izan daitezen Europako landa-inguruneko mugikortasun-arazoei erantzuteko. Ez da soilik I+Gko proiektu bat: aplikatu ahal izatea bilatzen da. Hala ere, teknologia berria eta konplexua denez, ezingo da epe laburrean lortu, baina garrantzitsua da teknologia hori probatzearen alde egiten duten lehen lurraldeen artean egotea Gipuzkoa, batez ere, landa-eremuaren moduko ingurune zailez ari garela.

Nola hartuko du parte komunitateak LandaGO proiektuan?


Komunitateak hasieratik izango du zerikusia proiektuarekin. Proiektuaren parte sentitzea nahi dugu, iritzia ematea eta ibilgailua eta teknologia berritzaile hori probatzea. Horretarako, aurrez ikusita dago inkestak eta elkarrizketak egitea; horietan, adierazteko aukera izango dute. Era berean, ibilgailua noiz probatu ahal izango den jakinaraziko da.

Zer informazio jasoko dute LandaGO proiektuan inplikatutako biztanleek?


Inplikatutako eremuetako biztanleak gertaera garrantzitsuen berri izatea aurreikusita dago. Horretarako, informazioa jendeari helarazteko modurik eraginkorrena diseinatuko da, alkateekin batera.